XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AEK: Alderdi politikoak ados daude elkarrizketaren beharraz

Oso positibotzat jo dute Nafarroan osatutako euskaltzaleen plataforma

EAEko alderdiek euskarari dagokionez elkarrizketaren beharra onartu dutela azpimarratu zuten atzo AEKko kideek, eta zentzu honetan adierazpen berri bat egingo diete.

Bestalde, oso positibotzat jo zuten Nafarroako zenbait alderdik euskararekiko hartutako jarrera eta EAEn ere joera horrekin koherenteak izan daitezan eskatu diete.

G.A / BILBO

Joan zen urrian elkarrizketa bideak jorratzeko Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinadorak eginiko proposamenak erantzun ezberdinak izan ditu.

Eusko Jaurlaritzaren aldetik erantzun ofizialik jaso ez dugun heinean, bildutako alderdi, sindikatu eta kultur elkarteekin izandako bileretan helduen alfabetatze eta euskalduntzearen (HEA) diagnostikoan ados egotera heldu gara, hain zuzen ere, egoera tamalgarria dela eta elkarrizketa bidez eman behar zaiola irtenbidea, adierazi zuen Juan Mari Mendizabal AEKko Gipuzkoako arduradunak.

Zentzu honetan, elkarrizketaren bideari uko egin dion Kultur sailburuaren alderdiak berak, elkarrizketaren beharra onartuz, duela hiru urtetako EAJ alderdiak eta AEKren arteko akordioan oinarrituriko prozesu bat zabaltzea proposatu du, azpimarratu zuen Mendizabalek.

Nafarroako egoerari buruz, bestalde, Eduardo Condek oso positibotzat jo zuen irrati euskaldunen inguruan sortutako euskaltzaleen plataforma, plataformak beste dimentsio bat eman dio euskarari eta HEAri, zentzu honetan, irakasleen preparazio kontsentsuatua, laguntza ekonomikoa eta euskararen munduan sortzen diren ekimen guztiei erantzun beharra aldarrikatzen dute.

Plataforman planteatzen diren puntuak eta zazpi alderdi politikok bere gain hartu dituztenak, AEK-k EAEn planteatzen dituen berdinak direla, adierazi zuen Mendizabalek. Alderdien jarrera positibotzat jotzen dugun arren, alderdi hauei nolabaiteko bateraketa eskatzen diegu Nafarroan eta EAEn aldarrikatzen dutenaz.

Juan Mari Mendizabelek, bestalde, oso positibotzat jo zuen Gobernu foralak AEK errekonozitu eta sunbentzionatuz emaniko aurrerapausua finkatzeko hiru urtetako esperientziadun irakasleak onartzeko agertu duen borondatea.

Horretaz gain, Iparraldean, SIADECOk egindako azterketan euskarari Nafarroan konponbidea emateko lehenengo pausua euskararen ofizialtasuna azpimarratzen da, eta AEKren lana errekonozitu, gehitu zuen.

AEK Iparraldeko gizartean integratua dagoen arren, bertan bizi duen egoera gutxiengoen azpitik dagoela zehaztu zuen, eta zentzu honetan, orainarte ezer egin ez duten erakunde guztiek bere errespontsabilitatei aurre egin beharra aldarrikatu zuen.

Korrika 7k izandako arrakasta eta HEAk egun pairatzen duen egoera tamalgarriari aurre egin nahian AEKk hiritar, elkarte, alderdi, instituzio eta abarrei adierazpen berri bat egin die, elkarrizketan oinarrituriko irtenbide orokor bat bilatu nahian.

Elkarrizketen helburua, izaera eta bokazio publikoa duten errealitate guztien batzeaz osatuko den HEA erakunde publiko berria izango litzateke.

Alderdi politikoei koherentzia eskatu die AEKk.